ALBISTEAK


Eguberri on eta irakurketa zoriontsuak Ibaizabalekin!

23 abendua 2022

Dagoeneko sentitzen dugu Eguberrien magia berezia! Gabon kantak, argiak, familiako une bereziak eta, batez ere... ilusio handia! Ibaizabalen liburu bat irekitzean sentitzen den berbera

Jarraian, hain bereziak diren egun hauetarako irakurketen hautaketa bat topatuko duzu. Adin eta zaletasun guztietarako liburuak daude! Umorez betetako istorioak, balioen inguruan hausnartzeko liburuak, modu zoragarrian ilustratutako klasikoak edo abentura zirraragarriak. Handiek eta txikiek bakarrik zein elkarrekin gozatzeko irakurketak!

0-6 urteko irakurleentzat 

Munstroa zara? liburuko orrialdeen barruan betaurreko handiak dituen izaki dibertigarri bat bizi da, haserre dagoena eta oso gaiztoa dena. Edo, hori dio, behintzat! Imitazio jolasen bidez protagonistarekin interakzioa izateko gonbita luzatzen die txikienei haurrentzako album ilustratu dibertigarri honek. Liburu honekin orro egingo dute eta izugarri ongi pasatuko dute! ​​​​​​

Nirea da! Aldi berean, jolas dibertigarri bat eta igarkizun bat proposatzen ditu. Trokelen eta segida baten bidez, animalia guztiek nahi duten objektu obalatu misteriotsua zein den topatu behar dute haurrek... Inork ez du lortzen objektu hori atxikitzea!

Gauzak nahi dugun moduan irteten ez direnean haserrea eta frustrazioa saihestea askoz hobea dela ikasten laguntzen die haurrei Haserresauroa liburuak. Ikuspegia aldatzea da gakoa, bestearekin enpatizatzeko, hura ulertzeko eta lasaiago erreakzionatzeko. Txikiek hori lortzen dute liburu honetan, dinosauro txikiaren laguntzarekin. Arazoei irtenbidea topatzen laguntzen diete irakurleei haren hausnarketek. 

Elefante bilatzaileak ere, Ged Adamsonek idatzia eta ilustratua, bilaketa jolas dibertigarria da. Orrialde bikoitz bakoitza girotzen duten eszenen aberastasunak aukera ematen du egoerekin eta pertsonaiekin gozatzeko, nagusiekin zein bigarren mailakoekin.   

Mamuta ikusi dut! Alex Willmore idazle eta ilustratzaile britainiar ezagunak sinatu eta marraztu du istorio dibertigarri hau. Protagonista mutiko bat da, eta pinguinoak topatzeko Antartikara egindako espedizio batean parte hartzen du. Berak, ordea... mamut bat topatu nahi du! Ezinezkoa dirudien arren... lortuko duela uste duzu?

Sanson detektibea liburuko formatu handiko ilustrazioek detektibe laguntzaile txikien behaketa gaitasun handiak probatzen dituzte. Begiak ongi ireki beharko dituzte ikerlari miatzaileari kasuak ebazten laguntzeko, eta, horrez gain, balioak ikasiko dituzte: adiskidetasuna, maitasuna, familia, kontzientzia ekologikoa edota lankidetza.

6-8  urteko irakurleentzat

Totem printzesa da formatu handian gozatzeko beste liburu bat. Sébastien Perezek, Benjamin Lacomberekin lan egin ohi duen idazle frantziar ezagunak, askatasunari buruz hitz egiten duen elezahar bat aurkezten du. Justine Braxen ilustrazio zoragarriak ditu istorio hunkigarri honek, eta album honek duen bosgarren koloreak... are erakargarriago bihurtzen ditu! 

Abereen etxaldea, George Orwellen eleberri ospetsua, edizio berezi eta ilustratu baten bidez goza daiteke orain. Satira politiko hau XX. mendeko onenetakoa da eta, kasu honetan, Quentin Grébanen koloretako ilustrazio apartak ditu. 

Harrikoskorreko taldeak astrobolean jokatzen bizi dituen hiru abentura liluragarri proposatzen ditu Astrojokoak bildumak. Galaxia osoko kirol txapelketa harrigarrienaren hiru pasarte kontatzen dituzte Partida txatarra artean, Minotauroen misterioa eta Uretako misterioa liburuek. Emozioa ziurra da!

8-12 urteko irakurleentzat 

Izaki miragarrien entziklopedia bildumakoak dira presarik gabe eta familian gozatzeko bi liburu ezin hobe. Emakumezko magoen, iragarleen, sendalarien eta aztien istorioak biltzen ditu Sorginak lanak. Benjamin Lacombek, bere ilustrazio zoragarriei esker, edertasuna, iradokizuna eta misterioa gehitzen dizkio izaki magiko hauen historiari buruzko entziklopedia labur honi. Laburra da, baina denetik du!

Sébastien Perezek, bestalde, hurbilketa zoragarria proposatzen du maitagarrien mundura Maitagarriak albumarekin. Izaki magiko horien historian zeharreko ibilbide bat, garai ezberdinetan eta munduko txoko guztietan barrena. Bluebirdyren ilustrazio dotore eta arinek Japoniako kappak, Galiziako meigak, hiru Parkak edota basoko loti ederraren zazpigarren maitagarria erakusten dituzte.

Eguberria oso une berezia izan daiteke irakurketa zoragarriez gozatzeko, eta horren erakusgarri txiki bat baino ez da hautaketa hau! Gainera, proposamen mordo bat topa ditzakezu Ibaizabalen katalogoan. Bakarrik zaudenean gozatzeko edo familiarekin partekatzeko... Eta ezin hobeak Olentzeroren edo Errege Magoen eskutitzean txertatzeko! Irakurketa zoriontsuak eta Eguberri on!

Kategoriak : Literatura , Kategoria guztiak

Lotutako berriak


Irakurriena