ALBISTEAK


Grupo Edelvivesek eta Microsoftek aliantza bat sinatu dute ikastetxeen digitalizazioa bultzatzeko

20 urria 2022

Bazkide estrategiko gisa, konpetentzia digitalen eta STEAMen arloko prestakuntza eta ziurtapen planak jarriko dituzte martxan, ikasleei eta irakasleei zuzenduta

Grupo Edelvivesek, zeinaren parte den Ibaizabal, eta Microsoftek elkarlanerako akordio bat sinatu dute, ikastetxeen digitalizazioa indartzeko eta talentu digitala sustatuko duen hezkuntza ingurune berritzailea ezartzeko. Gainera, elkarrekin lan egingo dute hezkuntza ingurunean ematen diren zerbitzuak hobetzeko aplikatutako teknologien erabileraren gaineko esperientziak eta proiektuak martxan jartzen. Ikasteko ingurune kolaboratiboak, seguruak eta inklusiboak lortzea da helburua, pentsamendu kritikoa eta konputazionala sustatzeko, eta ikasleen, irakasleen eta familien arteko elkarlana eta komunikazioa sustatzeko.

Ikasleei zuzendutako konpetentzia digitalen gaineko prestakuntza planak jarriko dituzte martxan bi erakundeek, bi mailatan banatuta –Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklotik 2. DBHra eta 3. DBHtik Batxilergora–. Hala, Digital Skills powered by Microsoft ziurtapena jaso ahal izango dute ikasleek, Grupo Advanced Education taldearekin duten elkarlanari esker.

Grupo Edelvivesen eta Microsoften lehenengo elkarlanetako bat Toma que toma ekitaldia izan da; Microsoften bulegoetan egin zuten, urriaren 19an, hezkuntza etapa guztietako irakasleei zuzenduta.

Jardunaldi hartan, hitzaldi eta tailer interesgarrien bidez, LOMLOE indarrean sartzeak dakarren hezkuntza paradigma berria aztertu zuten, irakasleei haien eguneroko lanean laguntzeko helburuz.

Javier Cendoyak, Grupo Edelvivesen zuzendari nagusiak, honako hau aipatu du: «Funtsezkoa da egoera nahasi hau aukera gisa ulertzea eta, horregatik, onenen alboan egon nahi dugu Grupo Edelvivesen, ikasgeletara proposamen eraldatzaileak eramateko». Bestetik, Francisco Javier García Calvok, Espainiako Microsofteko Hezkuntza zuzendariak, honako hau adierazi du: «Teknologia, zalantzarik gabe, hezkuntza hobetzeko dinamizatzailea da, eta gure ekonomiak horrenbeste behar duen talentu digitala prestatzeko apustu segurua».

Irakasleen gaitasun digitalak indartzeko prestakuntza eta ziurtapena hartzen ditu barne akordio honek, haiek gaitasun horiek ikasleei helarazi ahal izateko.

Hala, Grupo Edelvivesen bezeroak diren irakasleek eta ikastetxeek teknologiarekin duten trebetasuna bermatzen duten ziurtapenak eskura ditzakete, eta metodologia berritzailea erabil dezakete ikasgeletan:

  • Showcase School ikastetxeak: Microsoftek haien eskura jarritako tresnak eta soluzioak erabiltzeari esker ikasleen emaitzak hobetzea lortu dutela frogatzen duten ikastetxeei ematen zaien bereizgarria.

  • ME -Microsoft Educator: irakasleak teknologia berriak ezagutzen dituela eta ikasgelan erabiltzen dituela baieztatzen du.

  • MIE Experts - Microsoft Innovative Educator Experts: mundu mailako programa esklusiboa; ikasleen ikasketa prozesua hobetzeko, irakasleek Microsoft teknologia erabiltzen dutela eta beste kide batzuei teknologia hori erabiltzen laguntzen dietela aitortzen du.

Lotutako berriak


Irakurriena